IBILBIDE MITOLOGIKOA
BISITA AUDIOGIDATUA 6: KOBALDE
Baltzolako haitzuloen gainaldean zagoz! Honen moduko kareharrizko ingurunetan, harri arteko arrakala eta tarteak baliatu, gastatu eta nahieran moldatzen ditu urak. Ubide barriak zabaldu eta zaharrak atzean itxiz, denboraren podesuz barrenbide eta areto zabalak eraikitzen ditu bertan; batzuetan harri huts gordinezkoak, besteetan, egitura eder eta distiratsuz. Baltzola, Abaro eta Axlor moduko haitzuloak horrela sortu ziran, harrizko oinarrietatik mineralak erauzi, disolbatu eta barriro kristalizatuz.
Lurpeko mundu, sarritan iristezinetan, bizileku eta bizimodu barriak garatzen dira. Batzuk, barren sakon ilunenetan bakarrik aurki daikezan onddo, aramu edo armiarma, kakalardo, kukurutx, eta talde ezbardinetako animalia ornogabe espezialistak ditugu. Eboluzioaren sormen barriak. Beste batzuk, bizimodua kanpoan egiten daben arren, babesa eta atsedena haitzulo barruetan aurkitzen dabenak dira, sarreren inguruetako biztanleak: hontza eta urubiak, belatxingak, haitz-elaiak, apo eta arrabioak, mota ezbardinetako karniboro txikiak...
Ilunpeko barrenbideetan murgiltzeko ondoen moldatu diranak, ostera, saguzarrak dira. Neguko lozorroa bertan egiten dabe askok: batzuk sakoneko bideetan talde handitan, besteak arrakalatan bakarka. Bakan batzuk haitzuloetan biltzen dira kumatzera, eta bertan haziko dabe urtero egiten daben kume bakarra. Gaua heltzen danean, ostera, kanpora abiatzen dira, ehizaki nagusi dabezan mota ezbardinetako intsektu eta beste artropodoak jaten.
Lurpeko mundua ingurune berezia da oso: eboluzio sakonaren emoitza zirraragarria. Baina oso hauskorra da; erraz galtzen eta oso nekez berreskuratzen dana.