IBILBIDE MITOLOGIKOA
BISITA AUDIOGIDATUA 5: AXLOR
Baltzolako eremu karstikoan, hainbat haitzulo, leize eta galerik osatzen dabe lurpeko labirintoa. Gure arbaso nomadek koba eta leize askotara jotzen eben aterpe bila. Ikertzaileek 3 lekutan behintzat aurkitu dabez gure arbasoen aztarnak: Axlor eta Baltzola1 eta Baltzola2 deitutako aztarnategietan, alegia.
Ezagunena AXLOR da, bertakoek LEORPE izenaz ezagutzen dabena, Urragiko atxaren pean erdi ezkutatutako zuloa. Bertara joateko jaitsi bidezidor honetatik eta laster aurkituko dozu burdin hesi bat. AXLORen zagoz!
Aztarnategi hau Barandiaranek aurkitu eban 1932an. Eta gerra ostean, 1967tik 1974 artean, ikertzen jarraitu eban.
2000. urtean, Jesus González-Urquijok gidatutako taldeak jarraitzen dau aztarnategian beharren (Axlor XXI proiektua, IIIPC-UC). Egindako ikerketek helburu nagusi bi lortzea ekarri dabe: batetik Baltzolan Erdi Paleolitikoko ingurugiro kronologia markoa ezartzea eta bestetik azken Neandertalen bizimodu erak berreraikitzea: biziraupena, teknikak, espazioaren antolaketa eta portaera sinbolikoak.
Axlorreko aztarnategiak estratigrafia luzea gordetzen dau. Bere hasiera orain dala 100.000-50.000 urte bitartekoa da eta asentamendu gehienak Neandertal sasoikoak dira. Aurkikuntzetan hainbat giza hagin eta matrailazur (Bizkaian ezagutzen diran zaharrenak), sutegiak (zeinen inguruan sortuko ziran ezagutzen ditugun ipuin mitologikoak), animalien (orein eta bisontearen) hazurrak eta harrizko tresnak dagoz.