top of page
  • Black Facebook Icon
  • Black Twitter Icon
  • Black Google+ Icon

BISITA AREATZA
BISITA AUDIOGIDATUA 6: ELIZA AURREA. BURDINOLA-ERROTA

Eliza aurrea: burdinola-errota
00:00 / 03:07

Areatzako gune garrantzitsu baten aurrean gaude. Neurri handi batean, hiribilduaren garapen ekonomikoaren oinarria izan da. Atzean dagoen eraikina XVI. mendeko burdinolaren lekua hartzen duen errota da. Hemen zegoen kokatuta burdinola,  hiribilduaren garapenen ekonomikoaren ardatza izan zena. 

Honelako burdinola asko egon ziren Kantauri isurialde osoan eta Pirinioetan, azken batean ura, egurra (ikatza) eta burdina eskura zeuden lurraldetan. Burdinola honetan, ura anteparan batzen zen, hiria inguratzen duten bi ibaietatik (Arratia eta Upo) hartuta, eta burdin minerala berotzeko inguruko mendietako egurrikatza erabiltzen zen. Burdinolaren sistema hau oso hedatua egon zen XVIII. menderarte. 

XVIII. mendean burdinola sistema hau krisialdian sartu zen hainbat arrazoiengatik:

-Batetik kanpo arrazoiak: liberalismoa ideologia moduan hedatzen ari zen Europan zehar eta horren ondorioz merkantzien garraioa hedatu zen. Honen ondorioz,  beste herri batzuetako burdina Penintsulan sartu eta hemengo merkatua bereganatu zuen, kalitate handiagoko burdina baitzen. Burdinola artisau hauek lortzen zuten burdina 1.200 graduko urtze-prozesuaren ondorioa zen, baina Europatik sartzen zena, berriz, 1.800 gradutan emondako urtze prozesuaren ondorioa zen, eta beraz hobea. 

-Bestetik, barruko arrazoiak. Areatzako burdinola honen kasuan, hiru mende etengabe funtzionatu ostean inguruko basoetan agortzen hasia zen ikatza egiteko behar zer egurra, eta erregaiak kanpoan erosi behar zituzten. Beraz, XVIII. mendean ekoizten zen burdina kanpotik zetorrena baino garestiagoa zen, eta txarragoa. 

Hala ere, garapen naturalaren bitartez, burdinola hau, irin-errota bihurtu zen. XVIII. menderako Amerikatik ekarritako hazi landare eta produktuak hedatuak ziren jada Penintsulan, eta artoa oinarrizko elikagaia zen Euskal Herrian. Artoa ehotu eta irintzeko errotak behar ziren, eta horrela burdinola hau errota bihurtu zen. 

Bestalde, burdina edota irina ekoizteko prozesuan erabiltzen zen ura atzeko aldean isurtzen zen eta zerrategi batean erabiltzen zen, indarra alperrik ez galtzeko. XIX. mendearen amaieran elektrizitatearen aurkikuntzaren ondoren zerrategitik isurtzen zen ur hori berrerabili zen ur jauzian, zentral baten bitartez elektrizitatea sortzeko. Zentral horrek herriaren elektrizitate beharra bete zuen XX. mendearen lehenengo erdialdera arte.

bottom of page