VISITA AREATZA
VISITA AUDIOGUIADA 2: BEKOKALE - ZUBIZARRA
XIV. eta XVI. mendeen artean hiribildua honaino baino ez zen zabaldu. Hementxe bertan, errege bidea mendebalderantz abiatzen zen hiribildutik irtenda. Errege bidea hemendik 200 metrora Arratia eta Upo Ibaiak elkartzen dira labar sakon baterantz abiatzen zen (Laminotz-Lamino), labar hori gainditzeko, mendebalderantz igo behar zelarik, Upo ibaia zeharkatuz.
Areatzatik igarotzen ziren merkantziak kostaldera zihoazela esaten dugunean, gaur egungo egoerari erreparatuta, Bilbora zihoazela pentsatzen dugu. Hala ere; batzuk Bilbora bazihoazen ere, gehienak Bermeoko portura zihoazen. Ezin dugu ahaztu XIX. mendera arte, Ibaizabalen itsas adarra bideratu arte alegia, Kantauri aldeko porturik garrantzitsuena Bermeokoa zela. Beraz, hemendik garraiatzen ziren merkantzia gehienak Larrabetzura-Errigoiti-Gernikara joaten ziren, eta azkenik Bermeora heltzen ziren.
Orokorrean, XVI. eta XVII. mendeak oparoak izan ziren: klima onak eta uzta ugarien ondorioz biztanle-hazkundea gertatu zen, eta horren ondorioz hazkunde ekonomikoa ere bai. Aintzat hartu behar da, bestalde, XV. mendetik aurrera (batez ere XVI. mendean) Amerikatik ekarritako elikagai berriak landatzen eta hedatzen hasi zirela Penintsula osoan eta Europan, eta horren ondorioz elikadura anitzagoa eta aberatsagoa zela.
Areatzan, mende horietako hazkunde ekonomikoa, martxan jarri ziren bi burdinolen funtzionamenduari esker gertatu zen. Burdinola horiek errege bidearen parean eta hiribilduaren sarreran eta irteeran kokatuta zeuden. Burdinoletan burdina-totxoak ekoizten ziren, inguruan ari ziren errementarien sutegietan lantzen ziren ferrak eta iltzeak egiteko. Burdinazko produktu horiek hazkunde ekonomikoa ekarri zioten hiribilduari, eta biztanle-hazkundea ere bai, jakina. Orduan sortu ziren hiribilduaren lehenengo bi zabalguneak.
Lehena hiribilduaren sarreran, hegoaldean, inguru eguzkitsuan. Zabalgune dotorea eta aberatsena zen; bertan negozio aukera egiteko asmoarekin hiribildura jo zuten bailerako jauntxoek eta burdinola jabeek eraiki zituzten etxeak.
Bestea iparraldean egin zen, beheko burdinolaren atzeko partean, hiribilduaren mugaren eta Upo eta Arratia ibaiak elkartzen diren labarren artean zegoen eremuan. Han burdinoletako burdina lantzen zuten errementariak kokatu ziren. Inguru horrek Arragoeta izena hartu zuen sutegietako arragoengatik, eta izen horrekin heldu zaigu egungo egunera arte.