BISITA AREATZA
BISITA AUDIOGIDATUA 1: PLAZA
Bisita honen helburua da gaur eguneko Areatza ezagutzeko oinarrizko abiapuntu batzuk ematea, hau da, gaur egun Areatzara hurbiltzen den bisitariari hiribilduari begiratzeko ardatz batzuk eta testuingurua eskaintzea.
Lehenengo eta behin Areatza hiribildua 1338. urtean sortu zela aipatu behar da. Juan Nuñez de Larak, Bizkaiko Jaunak, bere emazte Maria Diaz de Haro andrearen omenez Villa de Haro (Villaro) hiribilduaren sortze-agiria eman zuen. Hiribildua sortzeko arrazoi nagusiak Gaztelako lautada eta kostaldera lotzen zituen Errege Bideari babesa ematea eta, batez ere, bide horretatik garraiatzen ziren produktuak kontrolatzea eta zergapetzea ziren.
Bizkaian gaur egun 112 udalerri daude. Haietatik 23 inguru hiribilduak dira eta gainontzeko guztiak elizateak. Elizatea Bizkaian udalerrik izan duen garapenaren ondorioa da: baserriak eliza inguruan eraiki eta hedatzen hasi ziren babes bila, baserri multzoak auzo bihurtu ziren, eta azkenik udalerriak sortu ziren. Hiribilduak berriz, sortze agiri baten bidez sortu ziren, Bizkaiko kasuan Gaztela edota Nafarroako Koroen babesarekin Bizkaiko leinuek arrazoi bat edo beste batetik, espresuki sortutako bizigunea.
Villa de Haro hiribildua sortzeko Juan Nuñez de Larak Arratia eta Upo ibaien artean zegoen harea eta harkoskorrezko lurzoru soila kendu zion Zeanuriko elizateari. Lursailaren izen toponimikoa Areatza zen. Hiribildua sortu zenetik 1980ra arte Villaro izenaz ezaguna izan da. 1980an, berriz, Udalaren Osoko Batzarrak hiribildua sortu zen lekuaren toponimoa berreskuratu eta Areatza jarri zion izen ofiziala.
Areatza, beraz, Bizkaiko leinuak 1338an sortutako hiribildua da. Goi Erdi Aroko hiribildua, nahiko berantiarra, eta Bizkaikoen artean azkenetariko bat.
Hiribilduaren sortze agirian Maria Diaz de Harok, Arratia bailaran egiten ziren salerosketa guztiak nahitaez Villaro hiribilduko plazan egin behar zirela ezarri zuen. Bestalde, hiribildua honela egituratu zen: plaza eta paraleloan zihoazen bi kale (Goikokalea-Bekokalea).
Beraz, plaza hau hiribilduaren erdigunea izan da mendeetan zehar; bertan daude errege bidearen sarrera eta hiribilduaren merkatua.