top of page

‘GORBEIAKO ALTXORRAK’: EUSKADIKO BIHOTZ BERDEAREN ONENA EZAGUTZEKO AUKERA, OLETAN, IRAILAREN 24an

Helburua, inguruneko baliabideak sustatzea eta jario turistiko jasangarria sortzea da, jarduera eta proposamen kultural eta gastronomikoen bidez.


Arabako Oletan (Aramaio), irailaren 24an, larunbata, “Gorbeiako Altxorrak” ekimenaren bigarren edizioa ospatuko da. Helburua, Gorbeia Helmuga Turistikoaren altxorrak ezagutzera ematea da, aire libreko jarduerez, bisita gidatuez, eta kultur- eta gastronomia-proposamenez osatutako egitarau erakargarri baten bidez.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatuak, Jesús García de Cos Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak eta Agustín Otsoa Eribeko Landa Gorbeialdeko Kuadrillako presidenteak aurkeztu dute eskualdeko baliabideak sustatu eta turismo iraunkorraren fluxua sortu nahi duen ekitaldi turistiko hau.

Aurkezpenean, Maider Unda González de Audicana ere izan da, borroka libreko dominadun olinpikoa, gaur egun Atxeta gaztandegiko artzaina Oletan.

“Gorbeiako Altxorrak” Gorbeialdeko Kuadrillak antolatutako ekitaldi turistikoa da, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak babestua, eta Gorbeiako gauzarik preziatuenak ezagutzera emango ditu, harridura eragingo duen programa baten bidez.



“GORBEIAKO ALTXORRAK” PROGRAMA

Aramaio udalerriko Oletan, irailaren 24an, egingo da “Gorbeiako Altxorrak” ekimenaren bigarren edizioa. Ekitaldiaren egitarauak gastronomia, ondarea, kultura, esperientziak eta mendi-ibiliak izango ditu oinarri, eta gai horiei buruzko hainbat proposamen eta jarduera bilduko ditu.

Jarduera gastronomikoak:

  • Gorbeia produktuen merkatua: eskualdeko produktu gastronomikoen eta artisauen erakusketa eta salmenta.

  • Merkatuan erositako produktuak kontsumitzeko egokitutako gastroaldea.

  • Esperientzia gastronomikoa: Gorbeiako helmuga turistikoak hainbat esperientzia gastronomiko eskaintzen ditu, «Gorbeia Central Park» izenekoak, eta egun horretan “Artzain, egun batez” esperientzia eskainiko du. Bisitariek Atxeta gaztandegira bisita gidatua egin eta bertako produkturik esanguratsuenetako bat probatu ahal izango dute: Idiazabalgo gazta olinpikoa.

  • Herriko taberna: Gorbeia produktuak dastatu ahal izango dira.


Kultur jarduerak:

  • Oletara bisita gidatua. Oleta, Anboto eta Orixolen azpian, baserri eta burdinolen artean sortutako herria da. Mari jainkosaren begiradapean, bertako baserriak eta txabolak soroetan zehar barreiatu dira mendeetan zehar. Andre Maria Sortzez Garbiari eskainitako eliza barrokoa da, eta Araban bakarra den atari jarraitua du.

  • Jardunaldia dinamizatzeko hainbat ikuskizun: batetik, Turuku Tupa taldearen «Reziklantes». Talde honetan hondakinak, musika eta sormena balioesten dituzten soinu-artistek eta artista plastikoek hartzen dute parte. Bestetik, Nhil taldeak kontzertua eskainiko du euskarazko eta ingelesezko abestiekin eta emozioz beteriko letrekin.

Informazio gehiago:

  • Jarduera horiez gain, haurrentzako sormen-gune bat, informazio gune bat eta hainbat zozketa ere egongo dira; eta egun osoan zehar Guikuri Moda autobusaz, Marino Lejarretaren erakusketaz eta Hontza Extrem abentura parkeaz gozatzeko aukera egongo da.

  • Turista arduratsua: Oletako aparkalekua oso mugatua denez, Otxandion aparkatzea gomendatzen dugu eta Oletara iristeko bi aukera oso erakargarri proposatzen dizkizuegu:

1. Otxandio eta Oleta artean gida espezializatua duen mendi-ibilaldia egitea. Oso ibilbide erraza da (2,5 km-ko distantzia eta 50 m-ko desnibela), pagadi batetik eta Iluntxoko galtzada zaharraren aztarnetatik barrena. Gainera, antzinako lanbideen istorioak eta limitaduaren gatazka bitxia ezagutuko dira. Izena ematen duten lehenengo 100 pertsonei motxila eta bidoi bana emango zaie.

2. Otxandioko igerilekuetan hartu ahal izango den txu-txu trenak Hontza Extrem abentura parkean geldialdia egin eta Oletan amaituko du. Trena Otxandiotik irtengo da: 10:30, 11:30, 17:30; eta Oletatik itzuli: 11:00, 12:00, 18:00.


Sarrera librea eta doakoa da. Hala ere honako jarduera hauetarako aldez aurretik erreserba egin beharko da: Otxandio - Oleta ibilbide gidatua (2 euroko kostua eta izena ematen duten lehen 100 pertsonei motxila eta bidoia oparitzea); bisita gidatua dastaketarekin Atxeta baserrian (8 euroko kostua); eta bisita gidatua Oletan (2 euroko kostua).




bottom of page