GORBEIA, ETXEKO TXIKIEKIN BISITATZEKO JOMUGA NATURALA



Zalantza barik, Gorbeia betidaniko erreferentziazko gunea da euskal mendizaletasunean, eta familiako txikientzat alternatiba berde eta naturalik onena. Harkaitz malkartsuz, ur-jauzi ikaragarriz, larre eremu leunez, edo ipuinetako pagadiz eta hariztiz osatutako paisaia askotarikoak dira Euskadiko bihotz berdea gordetzen duen ondare kultural neurtezinaren zaindariak. Familiarentzat turismo jomuga paregabea da, eta bertan, etxeko txikienek, naturaz, historiaz, mitologiaz eta tradizioez inguratuta gozatzeko aukera izango dute. Eta hori guztia Euskadi Familia Turismoa klubari atxikitako enpresek egiten duten lanari esker.


Jada ez dago aitzakiarik Gorbeiaren magia familian ez bizitzeko, esploratzeko eta sentitzeko; izan ere, Euskadi Familia Turismoa proiektuak, behar diren baldintzak betetzen direla bermatzen du, umeak dituzten eta oporretarako jomuga gisa Euskadi aukeratzen duten familien beharrak asetzeko. Proiektuan parte hartu duten enpresek instalazioak eta zerbitzuak egokitu dituzte, eta Family friendly kontzeptua barneratu dute euren eguneroko kudeaketan. Familiei leku seguru eta erosoak eskaintzeaz gain, informazio interesgarria eman eta eskualde ahaztezin honetara bisita egiteko esperientziak gomendatzen dizkiete. Basquetour programaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren sozietate publikoak familia-turismora bideratuta lan egiten duten enpresak ikusaraztea eta sustatzea lortu du.



ARABAN

LaFuente Landa-Apartamentuak

Lafuente etxea Zuiako haran ederrean dago, Lukianon, eta familia baten ondareari zor zaio. XVIII-XIX. mendeko Arabako baserri tipikoa da, eta bere landa-esentzia eta -estiloa kontserbatzea lortu du. Ezin hobea aire zabaleko eta familiako planez gozatzeko: animaliekin harremanetan jartzea, betiko jolas xumeez gozatzea, ibaian zehar paseatzea, euskal ingurumenaren kultura eta ingurunea ezagutzea…


Haizatu Landa-Apartamentuak

Haizatu apartamentuak Gorbeia mendiaren Arabako magaletan daude, zehazki, Manurga herrian (Zigoitia), eta esperientzia paregabea eskaintzen dute familia osoarentzat. Antzinako haizegune batean, alea lastotik bereizten zen lekuan, etxebizitza independenteak daude. Etxeak, txikienekin egonaldia ahalik eta erosoena izan dadin behar den guztia dauka, eta lorategi zabal bat ere badu, ezin hobea haien gozamenerako.


Sarriako Parketxea

Zuiako udalerriko Sarria herritik sar daiteke Arabako isurialdean dagoen Gorbeiako Parke Naturaleko interpretazio eta harrera zentrora. Haurrek bertako kondairak, artea, gastronomia, landa-ingurunea edo tradizioak ezagutu ahal izango dituzte, naturgune babestu horren aparteko kontserbazioaren zergatia ulertzeko. Kanpoaldean, zabuak, mahaiak eta eserlekuak dituen atsedenlekua dago.


Iturrieta Sagardotegia

Orain, Gorbeian, Iturrieta Sagardotegiaren ahaleginari eta lanari esker, hurbiltzen direnek gertutik ezagutu ahal izango dute artisau horiek sagardoa eta % 100 ekologikoa den sagar zukua zelan lantzen duten, bisita gidatuen bidez. Horrela, bertako produktuak dastatzeko aukera paregabea eskaintzen da, umeentzako menuaren bidez eta, gainera, "Suitza Txikia" izenez ezagutzen den Arragako Aramaio harana bisitatzeko aukera dago.


Hontza Extrem Abentura Parkea

Dibertimendua, abentura eta ikaskuntza uztartzen dituen beste aukera bat Oletako (Aramaio) Hontza Extrem abentura-parkea da, 5 hektareakoa. Jarduera ugari eta askotarikoak ditu aire zabalean, pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen den ingurune natural izugarrian.


Artzegi Jatetxea

Artzegi jatetxearen ezaugarri nagusia bertako produktuak eta artisauak dira. Etxean egindako benetako gozogintza, osagai naturalekin egurrezko labean egindako ogi freskoak, eta euskal sukaldaritza tradizionala dira aukera gastronomiko hori aukeratzen duten familiek aurkituko dituztenak. Arabako Gopegi herrian (Zigoitia) dago jatetxea.


Atabaka Jatetxea

Zuiako udalerrian, Urrezko Harkaitzen gainean, Urrezko Andre Mariaren Santutegiaren ondoan, dago Atabaka Jatetxea. Jatetxe horrek bere gastronomia dastatzeko aukera eskaintzen du. Zalantzarik gabe, etxeko txikiekin batera egiteko plan ezin hobea da.



BIZKAIAN

Orozko Museoa

Erakusketa iraunkorraren bidez, Orozkoko Museoan herri eder horrek eta Gorbeiako Parke Naturalak eskaintzen dituzten baliabideak ezagutu daitezke. Aukera paregabea euskal tradizioez eta kulturaz elikatzeko eta Orozkoko Haraneko Ondare Historikoa, Haraneko Bizitza Tradizionala eta Gorbeiako Lurralde Gorenetako Biztanleak ezagutzeko. Gainera, Legorburu jauregi historikoan dagoen museoak turismo bulegoaren funtzioak ere betetzen ditu, eta, beraz, Gorbeian eta inguruetan informazioa jasotzeko eta bidaia bat prestatzeko lekurik egokiena da.


Osabarena Hotela

Orozko herri ederretik irten barik, Murueta auzoan hain zuzen ere, Bilbotik 10 minutura eta Gorbeiako Parke Naturalaren ateetan, Osabarena hotela dago. Txikiekin gozatzeko erosotasun guztiak dituen euskal baserri zaharra. Ezin hobea Euskadiko barrualdea ezagutzeko, mendietatik txangoak egiteko edo bertako gastronomia dastatzeko.


Cabañas en los Arboles

Natura maite dutenentzat Gorbeiak Zuhaitzetako Etxola ikusgarriak eskaintzen ditu. Aukera paregabea naturarekin harreman zuzena izateko eta, familiarekin batera, ingurune intimoan eta desberdinean gaua igarotzeko esperientzia bizitzeko. Zeanuriko udalerrian, Gorbeiako Parke Naturalean, Sabizar baserriak dituen etxolak edo gurdi zingariarrak dira.


Axpe Ebike

Familia osoarentzako bizikleta elektrikoak alokatzen dituen enpresa. Adin guztietarako bizikletak daude. Ibilbidea familiaren beharretara egokituko duen gida kontratatzeko aukera ere eskaintzen dute. Eta, gainera, familiek eskatzen badute, piknik saski bat ematen dute indarrak berreskuratzeko.